Hamabosgarrenez, 1.223 jaiotza biltzen dituen erakusketa bat zabaldu dute, Artziniegako Santxotena tailer museoan. Mundu osoan zehar lortutako irudiekin osatu dute bilduma.
Eguberriak hurbil dira, eta, haiekin batera, denetariko apaingarriak: pinuak, kaleko argiak eta jaiotzak, besteak beste. Han eta hemen ospatzen da besta hori, bakoitzak bere modura. Teresa Lafragua Santxotena tailer museoko zuzendariak, adibidez, mundu osoko jaiotzen erakusketa egiten du urtero. Aurten, hamabosgarrenez. Hainbat herrialdetan sortutako iruditxoak ikusgai paratu ditu Artziniegan (Araba), museoan bertan. Haren bildumak 1.223 jaiotza biltzen ditu dagoeneko.